2005/06/01

Budismoa

Aitor Etxebarria Malaxetxebarriaren blog ederrari eskerrak (http://aitoretxe.berriemaile.com/) eskuratu dut testu hau.

Budismoa k.a. VI mendearen bigarren erdian Budak (Sidharta Gautama) sortutako erlijioa da.Halere, erlijioa baino areago, bizitzeko filosofia bat moduan ulertua izan da. Nepalen eratu eta India osora zabaldu zen, baita Asiako hainbat lekutara ere. Budismoa mota askotako jarraitzaileak batzen ditu, pertsona umiletik hasita erregeetaraino.

Buda (Sanskritoz “argitua”) k.a. 556. urte inguruan jaio zen Kapilavastu-n, Nepalgo hego-ekialdean. Sayka leinuko Suddhodanna erregearen semea zen eta hamasei urte zituela, aitak Yasoddhara edo Gopa izeneko printzesarekin ezkon erazi zuen. Lur Hiztegi Entziklopedikoan agertzen den bezala, hogeitabederatzi urte bete arte erlijio ardurarik gabeko bizitza eraman zuen.Baina halako batean, eri bat, gorpu bat, eta fraide batekin topatu ondoren bizitza aldatu zitzaion eta egia bilatzeari ekin zion (1). Brahman ospetsuenekin ikasi nahi zuen baina maisuen urritasunaz konturatu zenean, ohian beltzera erretiratu zen. Bertan sei urte egin zituen meditatzen eta ondoren, Bodh-Gaya-n, haren izpiritua iratzarri eta buda bihurtu zen. Beranduago, bost laguni predikatu zien bere dotrina eta denborarekin, dizipuluz inguratua ikusi zuen bere burua. Indiatik ere ibili zen erregeak eta erresumak konbertituz. Euskal Hiztegi Entziklopedikoan irakurri ahal dugun moduan “Oso bizkor zabaldu zen erlijio berria. Rajata-n eraiki zuen lehen monasterio budista”(2). Berrogeitabat urte predikatzen ibili ondoren nirvana-ra heltzea lortu zuen. Nirvana, zorion eta bake egoera adieraztezina da. Larogeitabat urterekin hil egin zen, baina bere dotrinak aurrera jarraitu zuen.

Irudia www.castellersdelleida.com-i esker

Lau egia jatorretan laburbildu zuen Budak bere irakasbidea: “Bizitza osoa oinazea da funtsean; oinazearen sorburua, berriz, irrika da, batez ere bizitzarekiko atxekimendua; irrika oro suntsitzea da oinaze guztien sendabidea; irrika suntsitu eta oinazea kendu ahal izateko, bide zuzena erabili behar da” (2). Bide zuzen horrek zortzi urrats ditu: irizpide zuzenak, asmo zuzena, hizkera zuzena, jokabide zuzena, bizibide zuzena, ahalengin zuzena, oharmen zuzena eta barne-kontzentrazio zuzena. Guzti honen helburua nirvana da. Historia de las Religiones liburuaren arabera urratsak hiru kategoriatan banatuta egoten dira: jokaera morala, disziplina mentala eta ezagutza intuitiboa (3).

Budismoaren historian ez da errege edo enperadoreen babes faltarik izan: “Asoka enperadorearekin (k.a. III. mendea) inperioaren barnean zein kanpoan sustatuko zen haren hedapena; Kaniska erregearen faborea izan zuen (k.a. I. mendea); Gupta dinastiaren garaian (320-480) Indiako pentsaera mota desberdinak bakean garatu ziren elkarren ondoan; Ondoko enperadoreek budimoarekiko tolerantzia erakutsi zuten eta Harsvardhana errege handiak (VII. mendea) trataera berdina eman zien jadanik eztadaida bizian ziharduten brahmanismoari eta budismoari” (1). Baina babes hori apaltzen joan zen eta musulmanen inbasioarekin indar asko galdu zuen budismoak. Baina ordurako, Tibetera eta Ekialde Urruneko hainbat herrialdetara hedatu zen Budaren dotrina.

Budismoak bi adar nagusi ditu: Alde batetik, budismo Mahayana, eta bestetik, budismo Theravada (4). Budismo Mahayana Txina, Tibet, Korea, Mongolia, Nepal eta Japonen praktikatzen da. Hau praktikatzen dutenen helburua perfekziora beranduago heltzea da, lehenago, besteei bidea zein den erakusteko. Budismo Theravada ordea, Sri Lanka, Birmania, Tailandia, Camboia eta Laos-en praktikatzen da. Hauek kontserbakorragoak dira eta Buda da miresten duten figura bakarra. Santu perpektua izatea da hauen helburua.

Monastegietan, monjeen bizitza nahiko gogorra da. Hauek Vinaya gida liburuan agertzen diren 250 aginduak jarraitu edota errespetatu behar dituzte(4). Monjeek, zortzi objetu bakarrik izan ahal dituzte: Hiru manto, kampaitxo bat, diruarentzako ontzi bat, orratz bat, urarentzako ontzi bat eta labain bat. Gaur egun bi gauza gehiago izaten dituzte: aterkin bat eta liburuak. Monjeak monastegietatik irtetzen direnea jendean budismora hurbiltzeko izaten da.. Halere, budisten eta kaleko jendearen artean interdependentzia indar handi bat dago. Kasu askotan monastegiak herriko eskolak izaten dira.

Budak ez zuen erretraturik izan nahi , ondorioz, bere jarraitzaileek sinboloetara jo zuten: tronoa = soberano espirituala; errobeda = Budaren dotrina; zuhaitza = argitasuna … (5) . Liburuei dagokionez ez dago biblia bezalako liburu sakraturik. Budismoaren adar bakoitzak bere kolekzioak idatzi zituzten. Budak berak ez zuen bere dotrina idatzi, ahoz-aho ibili zen urte askotan idatzia izan zen arte.

Budismoak duen indarraz ohartzeko, munduko zenbat lekuetara heldu den ikustea besterik ez dugu. Han-en dinastian Txinara heldu zen (III. mendea). 500. urtean Japonera heldu zen. Bertan hiru aldaera izan ditu: Lehenengoa Reiyukai izenekoa da eta 1925ean Kakutaro Kubok eta Kimi Kortanik sortu zuten. Bigarrena hamairu urte beranduago, Myoko Naganuma eta Nikkyo Niwamok, Rissho Kosei Kai delakoa sortu zuten. 1930ean Tsunesaburo Makiguchik hirugarrena sortu zuen, Sokka Gakai izenekoa.
Tibet-eko budismoari dagokionez, maisuei garrantzi handia ematen zaie. Dalai Lama da liderra. Budismoa Amerikara, Txina, Japon, Korea, Vietnam, Tailandia, Birmania Camboya, Sri Lanka eta Asiako beste hainbat estatuetako inmigranteen eskutik heldu zen. Historia de las Religiones liburuaren arabera, 1898rako gazteentzako budista asoziazio bat martxan zegoen San Frantziskon, eta 1899 an hainbat misionero talde heldu ziren Japonetik (3). 1944ean Ameriketako Budisten Eliza-ren mugimendua eman zen. Amerikan jatorri europarrekoak izan ziren budismoaren influentzia gehien jasan zutenak.

Budismoaren izaera gutxi dogmatizatuak, ikuspegi zabalak eta izakera eta bizimodu desberdinetara egokitzeko duen erraztasunak, eragin handia izan dute bere hedapenean. Horregatik, gaur egun fisikoki hain urrun dauden lurraldeetako pertsona askok bizitzeko filosofia bera dute.

Oinarrizko Bibliografia

1- Josu Zabaleta. Lur Hiztegi Entziklopedikoa. Lur, 1992. 369 or. (Lur Hiztegi Entziklopedikoa; 2). ISBN 84- 7099-304-6.

2- Klaudio Harluxet Fundazioa. Eukal Hiztegi Entziklopedikoa.1995. 681 or. (Euskal Hiztegi Entziklopedikoa; 2). ISBN 84-921094-1-6.

3- Marcos Antonio Ramos. Historia de las Religiones. Barcelona: Playor, 1989. 135 or. ISBN 84-359-0614-0.

4- Carlos Gispert. Religiones del Mundo. Barcelona: Océano. 157or. ISBN 84-494-2195-0.

5- Paul Poupard. Diccionario de las Religiones. Barcelona: Herder, 1987. 230 or. ISBN 84-254-1547-0.

6- Arregi, Joxe, "Oinatzak bidean. Erlijioen historia", Bilbao 2004, 378 or.

2 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Bibliografian kontuan hartzeko:

Arregi, Joxe, "Oinatzak bidean. Erlijioen historia", Bilbao 2004, 378 or.

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Zer, Koldo, konpetentziari propaganda egiten? Ratzinger Z enteratzen bada... ;-)