2005/07/22

I got caught by the police


Klaseko bigarren egunean, Arlington Heights-eko gure etxera itzultzen ari ginela eta oraindik oso hurbil 'Dominican University'-tik, ez nintzen konturatu eta, dirudienez, gehiegi zapaldu nuen azeleradorea. Muga 30 milia izanik (48 km/h), ni 45 milia/h abiadura neraman (72 km/h). Polizia automobilak halako seinale berezi batzuk egin zizkidan eta nik aparkatu egin nuen albo batean. Badator ofiziala -gazte samarra- eta dokumentuak eskatu dizkit. Nik nazioarteko gida-baimena eta pasaportearen kopia eman eta berak itzuli. Eta orduan, galderak: 'Are you Fathers?' (!) Eta nire erantzuna: 'No, we are Brothers, from the Viatorians'. Orduan berak: 'Are you going to Arlington Heights?' (!) Eta nik: 'Yes, that's it'. Beraz, bazekien ia dena gutaz, matrikulagatik, suposatzen dut. Baina, horretaz aparte, bazirudien viatortarren ikasle ohia-edo balitz bezala... xehetasun gehiegi zekizkien eta matrikulatik atera ezin zitezkeenak.

Azkenean barkatu egin zigun isuna (70$ edo gehiago). Handik aurrera, ez duzue ikusiko beste inor hainbesteko arretaz gidatzen duenik inguruotan. Kontatu egin genien hemengo anaia zaharroi eta denak hasi ziren: 'Don't speed, don't speed. It's just too risky!' Eta horrelakoak. Enfin!

Eta hasi naiz ezer esan barik gure ikasketa lekuaz eta mailez. Oraintxe zuzenduko dut hori. Gure eskolak 'ELS' dauka izena eta AEBko leku askotan dauzkate sukurtsalak. Chicago inguru honetan 'Dominican University' delako unibertsitate pribatuan dauzkate gelak. Izatez, unibertsitatearen adartzat jotzen dute. Lehen egunean 'placement test' delakoa egin behar izan genuen, jakiteko zein mailatan eta ze klasetan jartzen gintuzten. Nahiko egun astuna egin zitzaigun, batez ere niri, gauza gehienak banekizkielako aurrekoan egon nintzenetik. Eta hurrengo egunean, berriz, esan ziguten emaitza. Ni 110 mailan jarri naute, 'masters' izeneko lehena (beste bi baino ez dago hortik gora, 11 eta 112, baina ikasle bat baino ez dago 111 mailan eta inor ez 112an -eta 100dik gora dira ikasleak).

Lekua zoragarri polita da, pelikuletan agertzen diren unibertsitate amerikar eder horien tankerakoa. 40'ko bidea daukagu automobilez hara heltzeko (eta automobilez joan behar, Herri honetan ez baitago ia zerbitzu publiko ganorazkorik). Bertan hainbat herrialdetako ikasleekin elkartzen gara, baina ELSn, batez ere, Asiako jendea dago: japoniarrak, taiwandarrak, hegokorearrak, baita thailandarren batzuk ere... Ez nire klasean, baina J.J.renean, denak dira Asiarrak bera eta frantses bat kenduta. Nahiko zaila egiten omen zaio haien ingelesa ulertzea...

Eta gaurkoz, nahikoa. Hemen behean sakatuta mezuak idatzi ditzakezue, horrela jakingo dut baten batek irakurtzen duela blog hau!

iruzkinik ez: