2005/07/31

Venetian Night

Izen hori hartzen du azken 48 urteotan Chicagon egin izan duten jaiak. Jai horretan, nire irakasle batek esan zuenez, milaka jende pobrek ikusten du lehorretik zelako aberatsak diren ontziak dituztenak. Izan ere, eta argazkian ikus daitekeenez, egun horretarako atondutako ontziak eta yateak pasatzen dira 600.000 pertsona baino gehiagoren aurretik. Jende hau guztia 'Lakefront' inguruko parke ikaragarri handi batean, Grant Parkean egoten dira, belarrean etzanda, nork bere aulkitxoekin, kandelekin, afaltzen... Esan daiteke ontzien 'parade' hori aitzakia baino ez dela udako arratsalde atsegina pasatzeko. Badirudi, gainera, gau horretan alkohola edan daitekeela agerian, hainbat jendek txanpaina, ardo zuria eta garagardoak edaten baitzituen.

Jaia kontzertu batekin hasi zen, dena musika espainiar eta latinoaz, Mexikoko zuzendari gazte famatu batek zuzendua eta Frank O. Ghery-k egindako antzestoki eder horretan. Gero, esan bezala, ontzien parada. Eta azkenik, eta lakuko kai batetik, ikaragarrizko su artifizialak. Irratia eramanez gero, suek segitzen zuten musika-erritmoa entzun zitekeen. Eta hainbeste jenderentzat dela jakinik, neurririk gabe gastatzen dute dirua. Emaitzak bistan daude!

Hainbeste jende elkartu zela-eta, gauzatxo bat komentatu nahi nuke. Beti bezala, jende gehienak ingelesez hitz egiten zuen. Eta beti bezala, 6 edo 7 elkarrizketatik bat-edo gaztelaniaz zen. Baina hainbat jenderi entzun nion polonieraz hitz egiten. Kontutan hartu behar da Chicago munduko bigarren hiri poloniarrik handiena dela, milioi bat 'Polish' bizi omen baita hiri santu honetan. Esan nahi dut hobeto ulertu nuela AEBren 'melting pot' izaera, arraza eta jatorri guztietako jenderen nahasketa baino ez baita. Eta hori aberasgarria da, batez ere ikusten duzunean ikasi dutela elkarrekin bizitzen. Jende gehienak, oso desberdinak izaki, ederki onartzen ditu besteak, nahiz eta hainbat eremutan kontrakoak izan. Nahi nuke nik horretako zerbait ikasiko bagenu denok!

1 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Zorionak pitxurrito
Ea kontaktuan jartzen garen. Seirak arte etxean izango naiz. Gero arte orduan
Musutxuak
Anuski