2005/12/14

Arabako Euskara eta Toponimia

Nire adiskide Iñaki Peñak gogorarazi dit neuk ere badudala blog hau eta noizean behin jaramon egin beharko niokeela, aspalditik bertatik azaldu barik nenbilen-eta. Por zierto, hau duzue Iñakiren blogaren helbidea, interesa bazenute:

Ahuntzaren eguerdiko doministikua


Baina noan harira. Durangoko azokan "Legutiano aldeko euskara" izeneko liburua erosi nuen, bi CD mardulekin datorrena, eskualde horretako hainbat euskaldunen ahotsak eta elkarrizketak jasotzen dituena. Egileek beraiek aitortzen duten modura, aldez aurretik pentsa zitekeena baino hainbat euskaradun gehiago aurkitu ahal izan zuten. Eta egia esate aldera, ikaragarrizko zirrara sentitzen da Arabako mendebaldeko lautadako eusk
ara zena/dena entzutean. Are gehiago, gure Amaren familia Bizkaiko Otxandiokoa izanik, ARABAKO EUSKARAZ ("eskueraz'', haiek dioten bezala) hitz egin dugula beti konturatzean!


Hartara, are mingarriagoak suertatzen dira Arabako Aldundiak azkenaldian errepideetan jarri dituen kartelak: "Luko", "Miñano Mayor", "Betolaza", "Ollerías", hango biztanleei argi eta garbi entzuten zaienean "Luku", "Miñao Goien", "Betolatza" edo "Ollerieta". Eta "Legutiano"ko Udal txit goreneko agintariei gogoraraziko nieke bertako euskaldunek, mendetan barrena, "Bilerle" deitu diogula herri horri, eta ez dudala ulertzen nondik eta nora kendu behar zen izen hori errotik, euskal ahotan oso tarte laburrez iraungo zuen "Legutiano" hori jartzeko. Ezer izatekotan, *Legutio edo *Legutidxo, Otxandio, Aramaio edo Lukiao diren modura. Horixe gertatzen da politikariei gure ondare toponimikoarekin jolasten uzten zaienean.


Beste adibide bat: "Zigoitia"-ko eskualdea behin agertzen da aipatuta liburu eta CDtan. Eta elkarrizketatuari "Suigoitidxe" entzuten zaio. Hori horrela izanik, zergatik ez zen aukeratu "Zuigoitia" (Zuia Goikoa, esanahiz) eskualdearen izentzat? Seguru nago garai bateko Zuigoitiatarrek horrela ziotela (oraingo apurrek esango duten modu berean, seguruenik).


Badakit, hala ere, ezer gutxi ahal dutela nire eta nirea bezalako hitzek "stablishment" politikoaren aldean. Iruñea hiri zaharraren izen zahar jatorrizkoa ere erabaki politiko batez "Iruña" erdaldunaz aldatu zutenean...

5 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Ondo etorri blogosferara, Frai! Akuiluturik, artikulu ederra idatzi dozu. Geure inguruak hobeto ezagutzekoa, batez be. Durangoko Azokaren onurak, danak ez dira ajeak izango, ezta?

PD Proposamena: Krisatu Sarea-ren ekimen interegarriak blogeratu, lantzean behin, arren. Yours faithfully.

Francis Earth.

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Aupa Koldo!

Kasualitatez-edo, Patxiren idatzia irakurri ostea neu ere hasi nintzen Legutioko liburuaren harira zerbait idazten. Ez dut blogean ipini oraindik, eta oraintxe ikusi dut zuk ere idatzi duzula, azkarrago ibili zarela ;-).

Azkenean blogeratzen badut esango dizut. Ondo segi!

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Azkenean idatzi dut:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Azkenean idatzi dut:

http://xabito.blogsome.com/2005/12/21/gasteiztik-hur/

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Barkatu mezuan errepikatzeagatik, ez dakit zer demontre gertatzen den.