2005/12/16

Katalunian ondo?

Duela hilabete Katalunian izan nintzen Marcel Joan adiskide minak gonbidatuta. Okasioa, Bartzelonan antolatu zuten "Katalunya-Euskadi: bertoko elizaren zeregina eraikuntza nazionalean". Jende aurrerazalea bildu zen bertara, gehienak katalanak, baina baita euskaldun ezagunak ere, hala nola, Txema Auzmendi ("Egunkaria" kasuagatik atxilotu eta torturatua) edo Jose Maria Setien (Donostiako Gotzain ohia). Izan ziren beste bi Gotzain katalan eta hainbat irakasle eta era guztietako jendea. Oso ondo antolatuta zegoen guztia eta, gehienek askotan katalenei buruz duten aurreritzia arbuiatzeko, esan dezadan dena ordaindu zigutela, bidaiarekin hasi, otorduekin jarraitu, hotelarekin bukatzeko (bidaiak Iberiako hegazkinez...).

Baina bertan izandako esperientzia pare bati buruz hitz egingo dut hemen, bata jardunaldiekin zerikusia duena eta bestea ez.

Lehena, jardunaldiak amaitu ondorenean, katalanei entzun ahal izan nizkien komentario batzuei buruzkoa da. Haien esanetan, euskaldunok mirestuak gara han; horrelaxe izan omen da aspalditxotik. Baina konturatzen hasiak dira gure aldeko jarrera haiekiko ez dela neurri berekoa, espainiar askok begitantzen dituzten modura begitantzen ditugula, alegia. Eta ez hori bakarrik: geure zilborrari begira ariko baiginan ikusten gaituzte, ez behintzat haiei begira ezertarako. Eta horrek min eman zidan. Eta min eman zidan egiazko zantzuak bazeramatzalako barruan. Zer pentsatua eman dit honek harrezkero. Batez ere atera zuten ondorioa entzutean: "Euskaldunak? Hor konpon!".

Bigarrena hango egoera soziolinguistikoarekin lotuta dago. Nire laguna erabat katalana da, independentzia zalea eta katalanera beti erabiltzen duena. Bere emazteak katalaneraz edo gaztelaniaz egiten dio, gogoaren arabera (Extremadurakoa da). Bere bi seme-alabek amaren hizkuntzaren aldeko joera dute elkarren arterako, baina ez aitarekiko. Oso katalanera ederra dute biek etxeko giroari eta eskolari eskerrak. Baina aitortu zidatenez, ez dute ikaskideetako pare batekin baino katalaneraz egiten: beste guztiekin, aldiz, gaztelaniaz (irakasgai eta ikastordu guzti-guztiak katalaneraz izan arren!).

Marcel, nire laguna, haserre bizian jartzen zen etorkin latinamerikarrekin: atzerritik etorritako guztien artean, ahalegin txikiena beraiek egiten baitzuten katalaneraz mintzatu edo are ulertzeko. Marcelek zioen bezala "Han vingut a ´la Madre Patria´!" eta gaztelania inposatu baino, katalanerarik ez balego bezala egiten omen dute. Eta hori mingarria da, jakina.

Azkenik, esaten zidan kanpoan oso nahastuta geundela, gauzak ez baitzihoazen halako ondo katalanerarentzat. Gazte askok eta askok, hirigune industrial populatuenetan, batez ere, gaztelaniaz baino ez omen dute hitz egiten. Eta ez dira kanpotik etorritakoak, kanpotik etorritakoen seme-alabak eta bilobak baino. Beraz, nahiz eta infografia (kartelak, iragarkiak...) eta komunikabideak lagungarri suertatu, hizkuntz normalizazioa ez dago oraindik eskura Katalunian (eta han ez badago, zer da hemen daukaguna?).

P.S.: Kataluniako hizkuntz legeak behartzen omen ditu partikularrak ere beren informazioa elebitan ematera, bestela, Erakunde Publikoen ahalegina ezerezean ez geratzeko arriskua legoke (aldea nabarmena da Pais Valencià delakoaren egoerarekin konparatuz gero: hor ez dago derrigortasunik, eta katalaneraren presentzia, hemen euskararenaren parekoa da). Noizko horrelako Lege bat Euskal Herri(et)an?

3 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Atsotitzak ez dira gauza hutsalak, izan be "Urrutiko intxaurrak 14,..." eta "Katalunian be, txakurrak oinutsik".

Baina oraindino, hizkuntza kontuetan, alde ederra dago Katalunierazko Herrialdeetatik Euskararen Herriraino. Etorkinei jagokienez, hango gauzak hobeto doiaz (beste kasu askotan legez). Hamen bezala, berbalagun / mintzakide programak dagoz, hau da, hizkuntza-boluntarioenak: "Voluntaris per la llengua" (http://www.cpnl.org/immigracio/). Baina hamen baino garatuago. Eta, hamen ez bezala, ekimen horietan partze hartzen daben hiztun barri gehienak Estatutik kanpoko etorkinak dira. Izan be, hango erakundeak eta alkarteak arinagotik dabilz lanean (http://www6.gencat.net/llengcat/immigra/index.htm).

Kataluniarrei (galegoei, aragoiarrei,...) begira geure axolagabetasunari jagokonez, galdera bat: Neguan Jacara eskiatzera edo Saloura udan joaten garenean, zer hizkuntzatan egiten deutsegu berba? Zenbat euskaldunek daki Oskako iparraldean aragoiera (oraindino) hizkuntza bizia dala?

Gaur etorriko jaku lagun kataluniar bat etxera, domekan Barakaldora BEC-tsolariak entzutera joateko. Saiatuko naz katalunieraz ahalegintzen!

Goraintziak Marcel-eri.

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Nik, Kataluniara noanean beti katalanez ;-).

Aragoierarena gatxagoa da. Belarria apur bat erne jarriz gero oraindino entzun ahal da Echon edo Benasquen (hangoa katalanagaz nahiko nahastauta dagoan arren).

Zelan joan zan katalanarena domekan?

P.S: Zure paperezko mezua jaso dot, Iñaki, hain datu gitxigaz ez dakit zelan heldu dan honaino, baina hementxe dago. Eskerrik asko.

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Nik, Kataluniara noanean beti katalanez ;-).

Aragoierarena gatxagoa da. Belarria apur bat erne jarriz gero oraindino entzun ahal da Echon edo Benasquen (hangoa katalanagaz nahiko nahastauta dagoan arren).

Zelan joan zan katalanarena domekan?

P.S: Zure paperezko mezua jaso dot, Iñaki, hain datu gitxigaz ez dakit zelan heldu dan honaino, baina hementxe dago. Eskerrik asko.