2006/11/16

El País-ekoekin berbetan

Gaur goizean zita geneukan Loli Puente, Mariaren Lagundiko monja eta nire adiskide handiak eta biok Bilbon. Norekin? El País Semanal gehigarriko bi kazetarik elkarrizketatu nahi gintuzten, abenduan atera nahi duten "beste" Elizari buruzko erreportairako. Abando hoteleko lobbyan izan gara, majo asko eserita, ia pare bat ordu berba eta berba.

Hainbat jenderekin egonak ziren Salamancan, Burgosen, Palencian, orain Bilbon, bihartik Bartzelonan eta hurrengo egunetan Andaluzian. 12 bat orrialde izango direla esan digute eta seguru nago ezin izango dutela sartu esandakoaren laurdena ere. Baina interesgarria izango delakoan nago.

Jesús Rodríguez (nire osabaren izen-deitura berberak!) zen kazetari nagusia, galderak egiten zituena. Eta interes handia zeukan Elizaren ahots ez ofizialaz, hierarkiarenak ez diren ahots anitzak entzuteko. Oso El País-en harian, jakina.

Gure erantzunak sendoak eta, aldi berean, neurrizkoak izan dira. Ez gara sentitzen gerra baten bezala hierarkiako gure anaiekin (arrebarik ez, oraingoz), eta ez gaude. Baina ona da askok pentsatzen duguna entzuna izatea; horrek ez du ezer apurtzen, are gutxiago komunioa. Komunioa zerbaitek hausten badu dena uniformetu beharra da. Aniztasuna gauza guztietan eta Eliza barruan, batez ere, kontu on gisa ikusten ikasi behar dugu (neure buruari esaten diot hau batik bat).

Argazkiak ere atera dizkigute, baina ez dut uste denak sartzeko modurik izango dutenik. Postura egiten dizuet Loli baietz agertu eta ni ez...

1 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Tira, Sor Loli argazkian agertzea onuragarria izango zan publizitate moduan. Bestela, zu bezalako fraide gorriek izutuko eutsen El Pais-en irakurle gorri ohiei eta, are okerragoa, euren seme-alabei...

Zoridxonak!!! (Honen bidez enterau naz, ondo isilduta eduki dozue).